HEZIKETA NATURALA

Zaldien jokabidea, bizimodu eta beharren ezagutza hartzen ditu oinarri. Ezagutza hauek zaldien heziketan, maneiuan eta bizimoduan erabiltzea da heziketa naturala.

Zaldiaren sena, gaitasuna eta mugak errespetatzen ditugu.

Belarjalea da: Zelaietako belarra, landare desberdinak, fruituak, zuhaixka eta zuhaitzen hostoak jaten ditu.

Bere ondoan lagun fidagarria, lasaia, ezaguna nahi izaten du. Bere ingurukoak benetazko lagun bihurtzen dira, pertsonak ere bai (gutaz fidatzen baldin bada) segurtasun faltan sentitzen denean hauengan laguntza bilatuz.

Bere defentsa bakarra ihes egitea da, horregatik aske bizitzeak garrantzi handia du. Izan ere, leku itxi batean ez da gustura egongo, ezta helduta edo harrapatuta dagoenean ere. Zaldia ez da animalia erasotzailea, baina ihesbiderik gabe eta mehatxatuta sentitzen baldinbada, defendatuko da.

Sekula ez ditugu beldur erantzunak zigortuko.

Komunikatzeko, gorputz hizkuntza asko erabiltzen dute, horregatik gure gorputz hizkuntza kontrolatzen ikasi behar dugu, arrisku bezala sekula ikus ez gaitzaten. Tentsio seinaleak begiratzen ditugu( burua altxata, ahoa estututa…) baita lasaitasun seinaleak ere( gorputza erlaxatuta, lasai, aho mugimenduak…).

Zaldia ez da lehiakorra, ez du agintaritzarik, eta ez du obedientzia kontzeptua ezagutzen; Baina ondo erakutsitako seinale argiei erantzuten ikasteko gaitasuna du. 

Zaldiak etxeratzean, erraza da jendeak, egokiak ez diren baldintzetan zaldiak mantentzea: Janari aberatsa emanez, janari-ano handiak, baraurik ordu asko igarotzen dituztelarik, bakardadean eta askatasunik gabe. Baldintza hauetan zaldi asko estresak jota bizi dira, eta jokabide nahasteak, ugalkortasun arazoak, infekzioen aurkako defentsa falta, ikasteko orduan arazoak, eta esterotipia ezberdinak sortarazten ditu.

Ezagutu eta ulertu behar ditugu, eta gauza berriak irakasteko bide errazenak aukeratu eta horri eutsiko diogu.