• 2015 February 9, Monday

HEZIKETA NATURALA. BIZIMODU BAT

“Animalia bat ulertu eta ezagutzeko askatasunean ikusi eta aztertu behar da”
Aske eta maneiurik gabe bizi diren zaldien ikerketarekin hasten da heziketa naturala, zaldi basatiak deitzen diegun horiekin. Heizketa naturala zaldien etologian oinarritzen da, neurozientzia eta ikaskuntzaren teoriarekin bat eginez. Zaldien jokabidea, bizimodu eta beharren ezagutza hartzen ditu oinarri.
Ezagutza hauek zaldien heziketan, maneiuan eta bizimoduan erabiltzea da Heziketa naturala.

Zaldia…

Zaldiaren eboluzio luzean zehar, bere bizimodu berrira ohitzeko, zaldiak espezializatze fisiko eta mentalak izan ditu.

Zaldiaren sena, gaitasuna eta mugak errespetatzen ditugu.

Belarjalea da: Zelaietako belarra, landare desberdinak, fruituak, zuhaixka eta zuhaitzen hostoak jaten ditu. Bere liseri aparatuak urdail txikia du, janaria etengabe jateko prestaturik dago. Bere haragia samurra eta harrapakarientzako oso estimatua da.

Bakardadean biziz gero, ezinezkoa da harrapakariengatik beti erne egotea; Taldean biziz, beti egongo da arriskuaz ohartuko den norbait. Horregatik zaldia ez da bakardadean lasai bizi. Bere ondoan lagun fidagarria, lasaia, ezaguna nahi izaten du. Bere ingurukoak benetazko lagun bihurtzen dira, pertsonak ere bai (gutaz fidatzen baldin bada) segurtasun faltan sentitzen denean hauengan laguntza bilatuz.

Bakarrik dagoenean kaltebera sentitzen da eta gutaz fida daitekela erakusten diogu.

Bere defentsa bakarra ihes egitea da, horregatik aske bizitzeak garrantzi handia du, baita esku eta hanken segurtasunak ere. Izan ere, leku itxi batean ez da gustura egongo, ezta helduta edo harrapatuta dagoenean ere.

Helduta eta harrapatuta egoteak izutzen du, horregatik zaldia aske dagoela egiten dugu lan.

Ihes egiteko elkartu egiten dira eta elkar koordinatuz mugitzen dira, harrapakaria nahastuz, eta honen lana zailduz. Beraien mugimenduen sinkronizazioak halako garrantzia du, gaztetatik hasten direla beraien jolasetan eta batetik bestera mugitzerakoan koordinazioa lantzen.

Taldekideekin sinkronizatzen da eta gurekin koordinatzea segurua eta atsegina dela erakusten diogu. Sinkronizatzea beraien naturan dago.

ERDIKOA

Zaldia ez da animalia erasotzailea, baina ihesbiderik gabe eta mehatxatuta sentitzen baldinbada, defendatuko da.

Sekula ez ditugu beldur edo defentsa erantzunak zigortuko, horrela resabiatzen bait dira.

Komunikatzeko, gorputz hizkuntza asko erabiltzen dute, horregaitik gure gorputz hizkuntza kontrolatzen ikasi behar dugu, arrisku bezala sekula ikus ez gaitzaten. Tentsio seinaleak begiratzen ditugu( burua altxata, ahoa estututa…) eta baita lasaitasun seinaleak ere( gorputza erlaxatuta, lasai, aho mugimenduak…)

Zaldia ez da lehiakorra, ez du agintaritzarik, eta ez du obedientzia kontzeptua ezagutzen; Baina ondo erakutsitako seinale argiei erantzuten ikasteko gaitasuna du.

Bakean bizi nahi du, lasai. Sasoiko egon behar dauka harrapakariengandik ihes egin ahal izateko.

Bere burmuina gurearekin konparatuz, bere eredu genetiko, emozio eta ikasketengatik dominatuagoa dago. Errazionalizatzeko gaitasun eskasa du, imaginatzeko gaitasun eza, etorkizuneko pentsamendurik ez, beraz, ez du planifikatzen. Momentua bizi du, bizi izan dueneko oroitzapen on eta txarrekin.

Gauza ezezagunek izutzen dute, behar duen denbora emango diogu azter ditzan gauza berriak, poliki sartuz, eta beldurra baldin badu, lasaitzen lagunduko diogu, bere borondatez onartzen dituen arte. Ez dugu sekula behartuko.

Esperientzia onak sarituz irakatsiko dizkiogu. Guk nahi duguna egiten ez badu, erantzun arte eskatuko diogu (modu antisozialean jokatzen baldinbadu ezik).

Zaldiak etxeratzean, erraza da jendeak, egokiak ez diren baldintzetan zaldiak mantentzea: Janari aberatsa emanez, janari-ano handiak, baraurik ordu asko igarotzen dituztelarik, bakardadean eta askatasunik gabe. Baldintza hauetan zaldi asko estresak jota bizi dira, eta jokabide nahasteak, ugalkortasun arazoak, infekzioen aurkako defentsa falta, ikasteko orduan arazoak, eta esterotipia ezberdinak sortarazten ditu.

Izakera desberdinak, behorrak, zaldiak, moxalak, bakoitzak bere zeregina du taldean. Ezagutu eta ulertu behar ditugu, eta gauza berriak irakasteko bide errazenak aukeratu eta horri eutsiko diogu.

Zaldiak gu ulertzea nahi dugu, gurekin elkarlanean aritzea, pozik bizitzea. Erraztu diezaiogun bizia. Gure esku dago.

LASAITASUNA · KONFIDANTZA · KOMUNIKAZIOA · KOORDINAZIOA